martes, 29 de diciembre de 2009

Gurari patua

Gurariak ez dira eskatzen;
patuaren altzotik lapurtzen dira,
ekinaren bidez...
kantatu digu Rafa Ruedak,
gustora, etxean, Bilboko Kafe Antzokian.


Joseba Irazoki ere oholtza gainean.
Gaur ez dugu euririk egin Bilbon.
Epel gaua, ilargi ia betea, argi eta goxo,
dantzatu naiz
txima luzeek bizkarra ferekatzen zidatela
eta sorbaldak.

Ondoan mutil batek
-gizon esan beharko nuke agian,
nire adinera hurbiltzen zela esango nuke-
begiratu nau, bai, sarri, harritzekoa bada ere,
baina ez da hortik pasa,
akaso hitzen bat... pentsatu dut,
baina ez.
Eta ausartu ez bada
zertan lapurtu.

Utzi egin diot lapurtzeari
eta ekinari ere.
Hemen nago,
eta ausarta naiz,
eta ausartzen ez denak
ez nau merezi.

No hay comentarios: