miércoles, 19 de agosto de 2009

Laos.en Amuma Patruzi Lastarriko




Ez daukat memoria onik.
Ezin izango dut inoiz intelektual bat izan.
Datuek hegan egiten didate eta mutu uzten.

Bizipenak ditut.

Laos aldean bizi izan dut
-zein zabala den nire Euskal Herria-
gaur eguneko egunerokoan
Ibarrangeluko Lastarritxun orain urteak ez ezen mendeak ere
Amuma Angeles.en Amuma Patruzi.k ezen, berorren Amumak berak be
egunerokoan bizi zuena.

Jakin badakidala iruditzen zait:
harrikoa, harrizko fregadera bera baino lehen,
egurraren mundu zabala,
basotik sutara zein tresna ta altzairutara,
-freskera denetan lehena-
ormarik ez, dana bat,
seme-alaben ardura,
linua eta pattarra.



Etartea ez ezen,
behea be oso osorik libre
ta animaliak bertan,
ta bizitza bertan.
Errekak beti egin duelako tarteka gora, kondixu.

Ta beheko sua... goian be igual.



Ta izan daiteke oker egotea baina berdin dio.

Holantxik bizi dira gaur egun Laos.en
eta ez dut memoriarik behar,
bertan murgildu baino.

Larruak kontatzen dit beste guztia.

martes, 14 de julio de 2009

Attends. Udak berea egin du.

Sir Edward.ek
Paris.en
Attends jotzen zuen
Quai.ko museo atean.

Etzan egin nintzen,
jan egin zenuen bitartean.
Ez dut pasioa ez beste jakirik nahi.
Abentura honetan hilko banaiz ere
udarak sua du muin
haragizko etxe honetan
lur ta loi
harro, samur.

Bihotza ez ezen gorputz osoa ere
bijjortu dut. Attends.
Udak berea egin du.

lunes, 29 de junio de 2009

M eta A, AMA

Pentsa.senti.desira
-gailuaren
nahi.tasun arinak
eta
ari.meheak
arilkatutako
maite.uneak,
berdin
gatzatu
ez.

AMAren
izateak
bai gatzatu,
ta sendo.
Sustraitu.

Erru eta erro.
Harro.
Arian.

lunes, 11 de mayo de 2009

Jabetasun Gaia

Egipton,
piramide aurrean
meditatzen,
alabastrozko
gari biltegian
zutik,
irmo eta tinko,
ozenki
esan genuen:
"ahalmena
eskuratzen dugu,
oroitzen gara,
izan baga."

Dagokigun
hurrengo
hurrats
naturala,
Gaia
Ama Lurrari
jabetasuna
ematea,
esku ahaldunok,
non nahikoak izanda ere.

martes, 13 de enero de 2009

DesARMEaren aldeko KORRIKA mundiala

Kanalizatzen zuen hizlari bati, duela pare bat urte, zuzendu nion Iruñako Jerusalem.eko bidelagunaren enkarguz galdera: zein izango litzateke planeta mailan bakearen aldeko mobilizazio orokor eta eraginkor bat egiteko unerik aproposena?
Segundotxo bat hartu eta, erantzuna telepatiaz jasotzen arituko balitz bezala, holaxe erantzun zidan: Ameriketako Estatu Batuetan hurrengo atentatu gogorra gertatzen denean.

Obamak beste Irailak 11 bati aurre egin beharko diola uste, Bush igarleak dixit.
Eta... berak zelan daki ba? galdetuko zukeen gure amuma zenak. Ez dakit ba nik ba. Beretarren batek auto.erasoaren asmoa dabilelako...? Merezi dutela pentsatzen duelako...? Baten batek bere hasarre bizia kontrolatu ezin izatea naturala litzateelako...? Segurtasunaren industriak merkaturatuko duen produktu berriren baten salmenta aurrekanpaina egiten ari delako...?

Eskutik helduta munduari buelta osoa ematea da gure lagun peregrina bakezale honen proposamena. Desarmearen aldeko KORRIKA mundiala, -naparra baita...!

jueves, 4 de diciembre de 2008

Herriko seme batek, herriko seme bat hil du.

Neguko hotzetan blai,
Mikel Laboaren heriotzak
eragindako herri muina
osatzeko bidean
sutondoko epeletan
lehiotik begira
asaba zaharren baratzean
ikusten dudan txantxangorria
bera ote den nagoela,
hil eta biziaren zikloaren
jin-joanean berezkoa ez den
heriotza berri bat, erahilketa.

Herriko seme batek, herriko seme bat hil du.
Eta ni ama... joko neuke jo...!
Ez da hori, ordea, amaren bidea,
alde bada orduan hemendik,
ez holakorik amaren etxean.

Habiadura handiko trena egiten ari zela ta...
Ta hil?!

Juez bihurtuta,
heriotz zigorra modu horretan?!

Heriotza eragiteak karga handia dakar,
norbere etxearen biziaren kontrakoa,
norbere eskuak tiro egitean
norbere larrutik ordainduko duen
bihotzean eta tripetan
sinatutako kontratu bortitza.
Latza. Gogorra.
Ez diot enbidirik.
Non bukatuko dira hire etsaiak?

Zelan hazi ditugu bada umeok?!

Beti biziari eusten,
horrenbeste ahalegin
eta alperrik?

Etxeko mahaiaren gozoa,
gutxi ala asko
denon barruak berotzeko
lanetan uneoro,
eta ahaztu, hain arin?!

Mahaiaren aldeko apustua,
apustu beroa,
muturreko pentsatu arren
har-eman.ean hasi
ez.da.bai.da.rako elkartu
eta sakoneko biguneraino
heltzen dakiena,
nunbaitera bidean
beste niz inguratuta
bizi garenekoa.

Ez apustu hotza,
hauzi edo apurtu
hil hotzarena,
nor gehiagoka
heldu gabeko
garrastasun patriarkalez
josita
guztiok mutu uzten gaituena.
Denok denon etsai egiten gaituena.

Ez amaren etxean.

miércoles, 8 de octubre de 2008

Tibet..eko intxaurrak

Tibet.era joan zaigu idazlea,
Korta-Zahar.en hurratsei jarraiki,
korta zaharreko lanen ihesi.

Tibeten dana da hobea.
Independentzia aldarrikagarriagoa.
Manifestariak meditatzaileagoak.
Haurrak adoptagarriagoak.
Gaixoak coolagoak.

Ai, Tibet, Tibet...
Tibet.eko intxaurrak hamalau;
gerturatu eta lau.
Baina, hala ere,
zenbat eta hurrunau errezau.